Larunbata, Ekainak 8 – 18:30-21:00
Doako sarrera, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea
18:30-19:30 Desfileak
tHERAPY Recycle and Exorcise
Guillermo Décimo
19:30-20:00 Etenaldia
20:00-21:00 Desfileak
David Moss
Natacha Marro + sinpatron + Ángel Amor + Ganboa + Ane Takitto + MaldeOjo
Lehenengo Desfilea: tHERAPY Recycle and Exorcise
tHERAPY Berlinen jaio zen 2012an, eta Ozeano Atlantikoak banandutako eta pasio batek lotutako bi ahizpek zuzentzen dute: Angie eta Poli Aguirre, Berlinen (Alemania) eta Kordoban (Argentinan) bizi direnak, hurrenez hurren.
Aurkeztuko duten bilduma osoa bigarren eskuko ehunekin eta beste material batzuekin eginda dago, baita Kordoban (Argentina) eta Berlinen (Alemania) bildutako kontsumo aurreko industria-bazterkinekin ere. Bildumak tHERAPYren elementu klasikoak izango ditu, baina baita 2023/2024an garatzen ari diren teknika berriak ere.
Hein handi batean jantziek eta materialek elkarren artean edo gorputzaren gainean duten portaeraren behaketan oinarritu da sorkuntza-prozesua, modaren arau tradizionalak alde batera utzita. Elkarrizketa bat ezarri dute materialekin eta, neurri handi batean, haiek definitu dute emaitza, bakoitzaren ezaugarriak oinarri izanik.
Produktibitateari eta eraginkortasunari buruz hitz egin ohi diguten jantzietatik abiatuta, beste mundu posible batzuei buruz hitz egiten diguten anatomia berriak sortzen dituzte. Bildumak kontrakoen arteko tentsioa irudikatzen du, oreka eta koexistentzia bilatzen dituen elkarrizketa bat irekita.
Bigarren Desfilea: GUILLERMO DÉCIMO
Guillermo Díez López da Guillermo Décimoren atzean dagon burgostarraren izena. Modan graduatu zen Burgosko EASDn eta Ulises Méridarekin eta Ana Lockingekin osatu zuen bere heziketa. Lehenengo bilduma Gaztela eta Leongo modaren astean aurkeztu zuen, eta, ondoren, Madrilgo Mercedes Benz Fashion Week-en izan zen eta lankidetzak egin zituen New York Fashion Week-en. Diéz Lópezen lanaren ezaugarria edertasunaren eta perfekzioaren etengabeko bilaketa da, horretarako tradizioa eta artisautza, eskuzko lana, erreferentzia historiko-artistikoak, ilustrazioa eta antzerkia batuta.
Aurkeztuko duen bilduma azken bildumen une ikoniko eta deigarrienen laburpen bat izango da, GX unibertsoaren ikuspegi global bat eskainita. Nabarmentzekoak dira hura definitzen duten elementu guztiak biltzen dituzten piezak: gaueko jantziak, sport ukitua emanez berrinterpretatutako piezak eta distira handia.
Hirugarren Desfilea: David Moss
David Moss moda-lerro kontzeptual, berritzaile eta komertziala duen marka bat da. Artea, abangoardia eta ikuskizuna dira etxearen berezko estiloaren oinarriak, eta diseinuaren elementu nagusiak autoadierazpena eta modaren bidez norberaren nortasuna bilatzea dira. 2018an sortu zen, moda esperimentaleko marka gisa, eta hiru ardatz ditu: neurrirako jantzigintza, bildumen salmenta eta ikuskizunetarako diseinua.
La Encartada Modan markaren atzera begirako bat erakutsiko da, “Just a Dream – s/s 22” bildumaren diseinuak barne. Azken hori ametsen mundu onirikoan inspiratuta dago eta markaren beste diseinu batzuekin eta desfilerako lagatako enkargu batzuekin batera aurkeztuko da.
Laugarren Desfilea: Natacha Marro + sinpatron + Ángel Amor + Ganboa + Ane Takitto + MaldeOjo
Zapatak diseinatzen eta fabrikatzen 20 urtetik gorako esperientzia izanik, Natacha Marrok inbidia edukitzeko moduko bezero-zerrenda du: David Bowie, Björk, Lady Gaga, Daphne Guinness, Grace Jones, Gwen Stefani, Scarlett Johansson, Goldfrapp, Noel Fielding, Grayson Perry, Girls Aloud, Erasure eta The Stereophonics, besteak beste.
Haren neurrira egindako zapatak askotan agertu dira Vogue aldizkarian eta beste argitalpen batzuetan, hala nola Vanity Fair, Elle, Grazia, Metro, The Daily Telegraph, Time Out, Glamour Magazine, Dazed & Confused, Harper ‘s Bazaar, The Times, Sunday Times Style eta are National Geographic-en ere.
Zapatak beti izan dira Natacharen pasioa eta haren mantra pertsonen ametsak egia bihurtzea da. Haren hitzetan: “Neurrira egindako zapata on batzuek betiko iraun beharko lukete”.
Desfile honetan, Natacha Marroren oinetakoez ez ezik, Alberto Etxebarriaren sinpatron markaren 20 urteko lanaren atzera begirakoaz gozatuko dugu.
Horrez gain, Ángel Amor-en sorkuntzak ere ikusiko ditugu, hala nola burukoak eta kapelak, baita Ganboaren egile-bitxiak, Ane Takittoren zeramikak eta bitxigintza garaikidea eta Maldeojo Optika Atelier-en betaurrekoak ere.