La Encartada
Fabrika-Museoa
La Encartada Moda urtero egiten da espazio ezin bereziago batean, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan, alegia. Antzinako ehun-fabrika bat da (1892-1992), gaur egun museoa dena. Duela mende bat baino gehiago, artilearekin hainbat produktu egiten ziren bertan: txapelak, biserak, bufandak, eskularruak, mantak… Atzerritik ekarri ziren ia makina guztiak, gehienak Ingalaterratik. Energia hidraulikoarekin funtzionatzen zuen guztiak. Fabrikaren ondoan, etxeak eta kapera-eskola bat eraiki zituen enpresak, auzorako. Eraikinek, makinek eta langile-koloniak oroitzapen asko dakartzan multzoa osatzen dute eta hura bisitatuz gero, denboran atzera egingo dugu, Penintsulako industria iraultzaren hasierara.
Encartadaren balio handienetako bat mende bat baino gehiagoko makineria bilduma bikaina da. Fabrikak ekoizpen-prozesuko elementu guzti-guztiak osorik mantentzen ditu. Osotasun tekniko horrek eta bere kontserbazio-egoera bikainak Encartada bere generoan museo paregabea eta gure kultura-ondarearen funtsezko elementua bihurtzen dute.