Larunbata, Ekainak 10 – 17:30-18:30
Doako sarrera, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea
Daniel Lismore Britainia Handiko queer artista bat da; Londresen du egoitza eta bere burua eskultura biziduntzat du; mihisetzat hartzen du bere gorputza, non egunero sortzen baitu.
Moda-argazkilaritza eta diseinua ikasi zuen; aholkulari-lanak egin ditu Mert & Marcus, Steven Klein, David LaChapelle eta Ellen von Unwerthentzat.
Klima-aldaketaren aurkako aktibista da, eta konpromiso argia du birziklatzeko eta moda jasangarria sustatzeko. Daniel Lismore Cool Earth & Greenpeace klima-aldaketari aurre egiteko ongintzako erakundearen enbaxadorea da, eta estuki lan egin du Dame Vivienne Westwoodekin, haren Climate Revolution proiektuetan.
2016an, Daniel Lismore Tate Museoen Zirkuituaren enbaxadore bihurtu zen. Bertan, Lismorek bere lehenengo bi erakusketak egin zituen, Tate Modern museoan, 2012an, eta Tate Britain museoan, 2013an, autorretratuekin.
Rizzolik 2016an argitaratutako Daniel Lismoreren lehen liburuak –«Be Yourself, Everyone Else is Already Taken»– Estatu Batuetako museo batean Lismorek egindako bere lehen erakusketako 32 eskultura figuratiboak dokumentatu zituen. Erakusketaren komisario izan ziren Raphael Gomes eta Savannah College of Art and Design; gero, Miami Art Basel azokan egon zen ikusgai. 2017ko maiatzean, Lismorek Veneziako Bienalean erakutsi zuen bere lana. 2018ko ekainean, Islandiako Harpa Hallean hilabetez ikusgai egon zen bere lanaren erakusketa baten komisarioa izan zen, Reikiavikeko Arteen Jaialdiko gorengo mailan. Gero, erakusketa Europan zehar ibili zen, eta Napoliko Pan museoan eta Poznáneko (Polonia) Stary Brower galerian inauguratu zen.
2017an, Out 100 List sailkapeneko lehenengo ehun artisten artean sartu zen. 2018an eta 2020an Guardian’s Pride Power List sailkapeneko lehenengo ehun artisten artean sartu zen.
Covid-19ak eragindako pandemian, Lismore Coventryn eta Londresen bizi izan zen, txandaka, eta LGBTQ+ aktibismoan eta artelan berriak prestatzen lan egin zuen.
2021ean, “Be Yourself, Everyone Else is Already Taken” bere erakusketako lan batzuk hartu zituen Lismorek eta Londreseko Victoria and Albert Museum museoan izan zituen ikusgai, Fashion in Motion programaren barruan.
Nerabezaroan hasi zen haren inspirazioa, haren aiton-amonek zuten antigoalekoen dendan, non ezberdina izateagatik jasaten zuen jazarpenetik eta larderiatik babesten baitzen. Orain, ezberdintasun horri eta bere bilaketa pertsonalari esker, Ingalaterrako beztitzaile bitxiena izatera iritsi da, Vogueren arabera.
Haren diseinuetan, objektu bakoitzaren atzean historia bat dago. Denetarik erabiltzen du: bitxietatik hasi eta kalean edo zaraman aurkitzen dituen piezetaraino. 2 ordu eta 8 hilabete artean behar izaten du bere sormen-lanak prestatzeko; bat ere ez da pasatzen oharkabean.